XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Añorga Txikiko jaiak bihartik igandera bitartean ospatuko dira

Amaia Zubiria eta Txomin Artolaren kantaldiak, egitarauaren ekintzen artean.

Bihar, hilak 7, hasiko dira Añorga Txikiko jaiak, Auzo Elkarteko jaien batzordeak antolaturik.

Nahiz eta jai hauek nahiko berriak izan orain dela hiru urte hasi ziren antolatzen auzoko gazteen eskutik bertara hurbiltzen den jende kopurua urtetik urtera handitzen dela ziurtatu daiteke.

Aipagarriak dira Txomin Artola eta Amaia Zubiria abeslariek egingo duten kantaldia, eta Egan eta Arkaitz taldeek eskainiko dituzten dantzaldiak.

Ostiralean ospatuko diren futbol partiduak, ezkongabeak ezkonduen aurka ahuntz batekin eta Añorgako neskak Goizuetako nesken aurka, izan daitezke ikusgarri ere.

Egitarau aberatsa Bihar emango zaie hasiera jaiei, suziriak eta buruhandiak txistulariekin batera.

Arratsaldeko 8`30tan, berriz, poniak izango dira haurrentzako Añorga Txikiko plazoletan eta gaueko 11etatik aurrera Txomin Artola eta Amaia Zubiria euskal abeslarien kantaldia burutuko da.

Ostiralean, berriz, Haurren Eguna ospatuko da, zeina goizeko 9etan hasiko den buruhandi eta suziriekin.

Ondoren, 10ak aldera, haur jokoak burutuko dira auzoko pilotalekuan.

Arratsaldean, bestalde, Xake eta Dama txapelketa ospatuko da 4etatik aurrera haurrentzako auzoko pilotalekuan eta 6etan txokolatada goxo-goxoa izango dute pilotalekuan buruhandiekin.

Futbol partiduak arratsaldeko 6.30etan hasiko dira eta honako hauek jokatuko dute: Ezkongabeak ezkonduen aurka ahuntz batekin; Añorgako neskak Goizuetako nesken aurka.

Gaueko 9etan izugarrizko sardinada jana izango da txoznan eta eguna ongi bukatzeko, EGAN taldearen dantzaldia hasiko da 11ak inguruan.

Larunbaterako, bestalde, honako egitaraua dago prestaturik: Goizeko 10etan buruhandien irteera eta suziriak 11`30etan, Haurrentzako Krossa, txoznatik irtengo dena, arratsaldeko 4etan, II Mus txapelketa Atotxa Erreka soziedadean eta ordu erdi beranduago, hau da 4.30etan, Añorgako Arkaitz euskal dantzen taldearen saioa.

Ondoren, 6etan, abesbatzaren emanaldia izango da pilotalekuan eta 7.30etan, poteo herrikoia, zeinari trikitilariek emango dioten hasiera txoznan.

Poteoaren ondoren afari herrikoia burutuko da eta gaueko 11etatik aurrera Arkaitz dantza taldearekin berbena.

Goizaldean, jendea pixka bat berotzeko, baratzuri zopa eskeiniko da txoznan, 5ak aldera eta goizeko 11etan, berriz, Meza Nagusia izango da.